XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hurrena handik ispilura ere joan beharra omen zegoen, bada... Baita joan ere.

Aurrez aurrean egonaldi luzea eginagatik, argi piztuan nahiz itzalian, ez omen zitzaien hutsunerik, leizezulorik, ezer arrarorik suertatu.

Alde batera, hobe gainera, ez omen ziren-eta zutik mantentzeko gauza ere, hainbeste deabrukerien menpeko sentituz.

Oheratu omen ziren, horratio, halakoren batean eta goizaldera bai lo pixka bat egin ere, maisuen konpaniari eskerrak, segurasko.

Zerbait lo egin zutenean, gaitzerdi; ez, halere, asetzeko lain, arranek ezik!.

Etxerantzako bidean Liedenan bakarrik egin genuen alto, hankak luzatu eta eztarriak bustitzeko.

Elur pistetan baino giroago egiten zuen, izan ere.

Han agurtu genituen azkenekotz Arrasateko San Viatorreko lagun jatorrak, haiek beste bide bat hartu behar bait zuten gero.

Malkorik ez dakit lehertu zen, baina batzuek ez zuten aparte.

Telefono zenbakiak ere itxaropentxoa ematen du eta tira....

Beldur nintzen arren, ez genuen bide luze guztian inolako ezbeharrik izandu; ez bada, jakina, lagun batzuen zorabio narratsa, ez bakarrik autobusaren dringili-drangulu eroengatik, bai zera!, zenbaitek muturra ederki berotua bait zekarren zerbezaz eta ardoz.

MG botila bat ere ikusi nuen norbaiten eskuetan.

Gero, zera... gerokoak!.

Gu laurok, berriz, deabruzko etxe madarikatu hura eta Zelinaren sorginkeriak atzera utziak genituela eta ez gindoazen haserre.

Paseak pasa eta gero ez zen gutxiagotarako ere!.

Eguerdian berandu heldu ginen gure hirira (...).